partekatu
• COVID-19
Udala COVID 19aren aurkako osasun-neurriak ez betetzeagatik kezkatua dago
Agustin Valdivia alkateak tentuz jokatzeko eta COVID-19ren pandemiaren aurkako osasun-neurri guztiak betetzeko eskatu die herritarrei. Era berean, kezkatuta dago lasarteoriatarren osasuna arriskuan jartzen duten gizalegearen kontrako portaera batzuk direla-eta.
Adituek adierazi digutenez, egoera arrisku handikoa da oraindik. Horrenbestez, azken hilabeteetan adituek adierazi dituzten neurriei eutsi behar zaie: eskuak garbitzea, urruntze soziala eta maskara erabiltzea.
Neurri sanitarioak behin eta berriz urratzen ari dira, eta horren inguruko kezka adierazi digute udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Hori dela eta, herritarrei jakinarazi behar diegu neurri horiek betetzen ez dituztenen kontra egingo dela, interes orokorragatik. Ez da bidezkoa arauak betetzen ez dituztenen erruz arauak betetzen dituztenek gaizki pasatu behar izatea.
Denborak aurrera egin ahala, herritarrak neurriak betetzeko garaian lasaitzen ari direla sumatu du Udalak, eta jokabide hori oso arriskutsutzat jotzen du. Jokabide horrek laugarren kutsatze-bolada bat eta neurri murriztaile berriak ekar ditzake.
Ikus daitekeenez, herritar guztiek oraindik ez dituzte neurri erraz horiek osorik betetzen gure kale eta plazetan. Eguraldi ona itzultzen doan heinean, gero eta ohikoagoa da urruntze fisikoa eta 4 pertsonatik gorako taldeak sortzea, batez ere arratsaldeetan eta asteburuetan.
Nabarmendu beharreko beste arazo bat da kale-zurrut asko eta kalean edaten ari den jendea antzematen jarraitzen dela, eta hori debekatuta dago. Arriskuzko portaera horiek beste agerraldi batzuk sor ditzakete, jende askoren osasuna eta bizia arriskuan jarriz.
Era berean, ohartarazten da gure ostalaritzako sektore nabarmen batek ahalegin handia egin duela egoera horretara, horrenbeste zigortu dituen egoera horretara, egokitzeko. Hala ere, batzuek, nahita edo utzikeriagatik, ez dituzte irekitzeko baldintzak betetzen: baimendutakoak baino mahai gehiago, 4 pertsonatik gorako taldeak, maskararik ez erabiltzea, baimendu gabeko jarduerak establezimendu barruan… Alkatea duela gutxi bildu da Ostalaritza Elkartearekin.