partekatu
• BARATZE EKOLOGIKOAK
Plazaola Landa Parkearen inguruan Lasarte-Oriako Baratze Ekologikoen proiektua aurkeztu da
Lasarte-Oriak 77 baratze eta egokitutako bi lursail izango ditu iraunkortasuna, autokontsumoa eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen dituen ekimenean

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak eta Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek, azken fasean dagoen Lasarte-Oriako Baratze Ekologikoen proiektua aurkeztu zuten atzo prentsaurrekoan. Ekitaldia Plazaolako Landa Parkean izan da, udal negutegi zaharren ondoan dagoen partzelaren inguruan, bertan baitaude instalazio berriak.
Lanak martxoaren 17an hasi ziren eta K1 EKOPAISAIA S.L. enpresak egin ditu. 141.878,05 euroko zenbatekoarekin, eta datorren astean amaituko dira, seguruenik. Emaitza: 30 eta 40 m² bitarteko 77 baratze ekologiko —horietako bi egokituta—, eta ekipamenduak, hala nola biltegiratzeko etxolak eta aldagelak, konpostaje-guneak, ureztatze-aterpeak eta espazio komun bat. Esparru osoa perimetro-itxiturak mugatuko du.
Aurkezpenean Agustin Valdivia alkateak azpimarratu duenez, “proiektu hau baratze multzo bat baino askoz gehiago da: aisialdi aktiboa, ingurumen hezkuntza eta baliabideen kudeaketa komunitarioa sustatzeko pentsatutako espazio publikoa da”.
Bestalde, Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek azaldu duenez, “prozesua ahalik eta eskuragarriena eta parte-hartzaileena izan dadin lan egin dugu. Interesa duen edozein bizilagunek bere baratze ekologikoaz gozatu ahal izatea eta irizpide jasangarriekin kudeatzen ikastea nahi dugu”.
Baratzeen erabilera arduratsua eta bidezkoa bermatzeko helburuarekin, Ordenantza Arautzailea prestatu du Udalak, eta joan den maiatzaren 21eko osoko bilkuran onartu zen hasierako onespena. Araudi horrek arautuko ditu esleipen-sistema, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, bai eta partzelen erabilera jasangarria ere. Ordenantza laster argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta, hortik aurrera, gutxienez 30 eguneko epea irekiko da erreklamazioak edo iradokizunak aurkezteko.
Ordenantza behin betiko onartu ondoren, Udalak izena emateko prozesua zabalduko du —uda ostean, seguruenik—, interesa duten herritarrek eskaera aurkeztu ahal izan dezaten. Eskaerak erabilgarri dauden baratzeen kopurua baino gehiago badira, zozketa publikoa egingo da. Aldiz, lurzati guztiak betetzen ez badira, eskatzaileen artean zuzenean esleituko dira.
Gainera, esleipendun guztiek nekazaritza ekologikoan trebatzeko ikastaro bat jasoko dute, proiektuaren izaera hezitzaile eta jasangarria indartzeko.
Proiektu honek indartu egiten du Udalak bizi-eredu jasangarriak, irisgarriak eta inklusiboak sustatzeko duen konpromisoa, eta beste urrats bat da hiri-eredu berdeago eta parte-hartzaileago baterantz.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala