partekatu
• BURUNTZALDEA-EUSKARA
Buruntzaldeko udalek euskara arloan elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute
Buruntzaldeko sei udalek euskara arloan elkarlanean segitzeko hitzarmena berritu dute, Hernaniko udaletxean egin duten ekitaldian.

Hernaniko udaletxean izan den ekitaldian parte hartu dute Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak eta Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak.
Euskara arloko zinegotzi arduradunak ere bertan izan dira: Marta Lasa (Andoain), Ainara Vazquez (Astigarraga), Axier Mingo (Hernani), Estitxu Alkorta (Lasarte-Oria), Oxkar Santamaria (Usurbil) eta Ana Pozas, Urnietako Sustapen zinegotzia.
2002an hasitako elkarlanaren segida
2002an hasi zen Buruntzaldeko sei udalerrien arteko elkarlana euskara arloan, Axier Mingo Hernaniko Euskara zinegotziak gogora ekarri duenez. "Hitzarmen berriaren helburuak lehengo berbera jarraitzen du izaten: gure udalerrietan euskararen normalizaziorako egitasmo batzuk elkarren artean bideratzea. Elkarren berri izateak eta elkarrekin lan egiteak gauza gehiago eta hobeto egiteko aukera ematen digu".
Urte hauetan euskara sustatzeko hainbat eremu jorratu dituzte eskualde mailan: merkataritza, familia-transmisioa, auto-eskolak, kultur agenda... "Familia transmisioan, orain gutxi berritu dugu familiei haur jaioberriak erroldatzean ematen zaien materiala", gogoratu du Mingok.
Hala ere, orain arte egindakoaren "egitasmo bat azpimarratzekotan, Buruntzaldeko Kultur Agenda" aipatu du Mingok. www.euskara.buruntzaldea.eus eta haren sare sozialetan jasotzen dira Buruntzaldeko udalerrietan antolatzen diren euskarazko kultur jarduera guztiak. "Egitasmo honek Buruntzaldeari bailara ¡kuspegia ematen dio eta bisitari ugari ditu".
Erronkei elkarrekin heltzeko konpromisoa
Estitxu Alkorta, Lasarte-Oriako Euskara zinegotziak "erronkak" aipatu ditu. "Eusko Jaurlaritzaren datorren hamarkadan euskara indarberritzen jarraitzeko AROA marko estrategikoak zehazten dituen zazpi ardatzen baitan jarraituko dugu lanean".
Martxan dauden egitasmoez gain, "erronka berriak begiz jota" dituztela azaldu du Alkortak. "Azkenaldian, kezka iturri da gazteek zenbat erabiltzen duten euskara eskolaz kanpo. Buruntzaldeko herrien eogera soziolinguistikoa oso desberdina da, baina euskara-eskola binomioa hausteko aisialdian eragiteko asmoa dugu, ondo pasatzeko eremuak sortuz".
Etorkizuneko beste erronka "lan-mundua" dela aipatu du Alkortak. "Orain Beterri-Buruntza Mankomunitatea ere badugu, Buruntzaldeko garapen sozioekonomikoa susatzeko eta herri berberak gaude bietan. Elkarlana bilatuko dugu".
Euskara arloko erronka berriei elkarlanean heltzeko konpromisoa berretsi cute gaur Buruntzaldeko sei udalek: Andoainek, Astigarragak, Hernanik, Lasarte-Oriak, Urnietak eta Usurbilek.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala