Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   EUSKARALDIA

Lasarte-Oriak herritarren inplikazioa eta erakundeen konpromisoa nabarmenduz amaitu du Euskaraldiaren 4. edizioa

"Benetako Euskaraldia" orain hasten dela azpimarratu dute Udalak, Ttakunek eta herritarren testigantzek.

1. argazkia

Lasarte-Oriak Euskaraldiaren laugarren edizioa ixteko prentsaurrekoa egin du, hizkuntza ohiturak eraldatzeko eta eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzeko ariketa kolektiboa. Ekitaldia asteazken honetan, ekainaren 4an, izan da, 12:30ean udaletxean, eta bertan izan dira Agustin Valdivia alkatea, Estitxu Alkorta Euskara zinegotzia eta Ttakun elkarteko ordezkari bat, baita herriko parte-hartzaileen hainbat testigantza bideo bidez eman ere.

Bere hitzaldian, alkateak gogoratu du edizio ofiziala joan den maiatzaren 25ean amaitu zela, baina argi utzi nahi izan du “benetako Euskaraldia orain hasten dela”. Ahobizi eta Belarriprest izan direnak ariketatik harago euren rolak mantentzera animatu ditu, eta espresuki eskerrak eman dizkie parte hartu duten pertsona guztiei, “txapa jantzita, ohiturari eusteko ahalegina eginez eta prestaketa fasean ere parte hartuz”.

Era berean, entitateek ere euskararekiko konpromisoari eustearen garrantzia azpimarratu du Valdiviak: “Lasarte-Oriako aniztasuna ikusaraztea lortu dugu edizio honetan, oso kolektibo desberdinen parte hartzearekin”.

Bestalde, Estitxu Alkorta zinegotziak eman ditu parte-hartze datu nagusiak: maila globalean, 7.500 entitatek baino gehiagok hartu dute parte Euskaraldian, eta Lasarte-Orian 70 elkartek eman dute izena. Banakako izen-emateei dagokienez, guztira 1.325 parte-hartzaile erregistratu dira: 1.010 Ahobizi gisa eta 316 Belarriprest gisa. Belarriprest figura sustatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du Alkortak, euskara erabiltzeko guneak sortzeko ezinbesteko parte gisa.

Ttakunetik, azpimarratu dute Euskaraldiaren hamaika egunak entrenamendu bat izan direla, hartutako ohitura onak denboran finkatzeko. “Orain hasiko da benetako Euskaraldia. Euskararen erabileran aurrera egiteko sortu diren tresnak, motibazioa eta dinamikak baliatu behar ditugu”, adierazi dute.
Ekitaldiari amaiera emateko, herriko dendariek, Semblante elkarteak eta euskaltegiko ikasleek beren bizipenak eta ikasitakoa partekatu dituzte Euskaraldian zehar.

Eskerrik asko guztioi, eta aurrera euskararekin!

Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala