partekatu
• EUSKARALDIA
Lasarte-Oriak Euskaraldia 2025 aurkeztu du entitate kolaboratzaileekin
Herritarren egunerokoan euskararen erabilera bultzatzen duen mugimendua da Euskaraldia.

Joan den otsailaren 12an, asteazkenean, Lasarte-Oriako Udalak Euskaraldia 2025 aurkeztu zuen herriko entitate kolaboratzaileekin. Ekitaldian parte hartu zuten Agustín Valdivia alkateak, Ana Labaka Euskara Zerbitzuko arduradunak eta Ttakun Elkarteko ordezkariak, Haritz Salaberriak. Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizio honetarako lehen urratsak aurkeztu zituzten.
Alkateak Euskaraldiaren garrantzia azpimarratu zuen, euskararen erabilera egunerokoan indartzeko tresna gisa. “Sinestezina dirudi, baina Lasarte-Orian laugarren ediziora iritsi gara dagoeneko. Udalak jada eman du izena, eta orain zuon txanda da 2025eko edizioan parte hartzeko", adierazi zuen Valdiviak.
Bestalde, Ana Labakak Euskaraldiaren helburu nagusia berretsi zuen: euskararen erabilera handitzea eta normalizazioa sendotzea. “Euskaraldia entrenamendu kolektibo handia da. Erronka bat, gure hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Horretarako, hiru jarraibide nagusitan sakonduko dugu berriz ere: lehen hitza euskaraz egitea, hizketaldian euskarari eustea bi solaskideek ulertzen badute, eta euskaraz dakitenen arteko elkarrizketetan beti euskara erabiltzea”, azaldu zuen.
Ttakun Elkarteko ordezkariak, Haritz Salaberriak, entitateen inplikazioaren garrantzia nabarmendu zuen. “Herriko elkarte, klub eta entitateak funtsezkoak zarete ahalik eta jende gehienarengana iristeko. Aurten, entitateen parte-hartzea erraztu dugu: Arigune figurak kendu ditugu, eta hiru oinarrizko lanetan jarriko dugu fokua: Euskaraldiaren berri zabaltzea, ikusaraztea eta parte-hartzea sustatzea”, adierazi zuen.
Bideo-lehiaketa, Euskaraldia 2025eko berrikuntza nagusietako bat
Aurtengo edizioak berrikuntza nabarmen bat dakar: Bideo-lehiaketa, jendea parte hartzera animatzeko eta euskararen erabilera sormenez sustatzeko. Parte-hartzaileek minutu bateko bideoak aurkeztu beharko dituzte, eta hiru kategoriatan parte hartu ahal izango dute: banaka/binaka, taldeka eta familian. Kategoria bakoitzean bi sari egongo dira: 500 euro publikoaren boto gehien jasotzen duen bideorako eta 1.000 euro epaimahaiaren aukeratutako bideorako.
Egutegia eta hurrengo urratsak
Entitateen izen-ematea irekita dago dagoeneko, eta martxoaren erdialdera arte luzatuko da. Apirilean, Gune Ibiltaria Lasarte-Oriara iritsiko da, Euskaraldirako izen-ematea sustatzeko eta ekimenaren ikusgarritasuna areagotzeko. Gainera, maiatzaren 15ean, Euskaraldiari hasiera emateko, txapa janzteko ekitaldi sinbolikoa egingo da, beste ekitaldi kultural batzuekin batera.
Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek ekitaldian banatutako karpetetan jasotako QR kodearen bidez izena eman dezakete, edo Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daitezke.
Euskaraldia 2025 martxan da Lasarte-Orian. Prest gaude entrenatzen hasteko eta euskararen erabileran urrats berri bat emateko!
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala