partekatu
• EUSKARALDIA
Euskaraldiaren PUNTUA herriko balkoi guztietan
Azaroaren 10ean herriko etxebizitza guztietara bisitak egingo dira Euskaraldia zer den eta parte hartzeko dauden aukerak azaltzeko.
![1. argazkia](https://www.historicosocialistasguipuzcoanos.com/imagenes/noticias/18-10-30-Euskaraldia-grupo---web.jpg)
Jesús Zaballos alkateak eta EAJko zinegotzi eta Euskara Batzordeko lehendakari den Jon Antxordokik zuzenduta eta Bilduko Leire Elizegi eta Ahal du Lasarte-Oriako Arkaitz Naya zinegotziak mahaikide zituztela, Euskaraldiak Lasarte-Orian izango duen Loraldia azaldu zuten.
Alkateak adierazi zuen pasa den urriaren 9an Lasarte-Oriako Udaleko udalbatzarrak alderdi guztien aldeko botoarekin onetsi zuela Euskaraldiaren gaineko adierazpen instituzionala (Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztua) eta ekimena Udal barruan zein herritarren artean sustatzeko konpromisoa. Horren adierazgarri dira aldamenean eserita zituen alderdi guztietako ordezkariak.
Udaletxe barruan lanean jarrita daudela esan zuen alkateak ahalik eta zinegotzi eta langile gehien ahobizi edo belarriprest izan daitezen. Baina horretaz gain, udaletxetik kanpo ere, herritarren artean ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien bildu daitezen asmo berriak prestatzen ari direla, besteak beste, uste duelako oso ekimen interesgarria dela gure arteko hizkuntza-ohiturei astindu bat eman eta euskara gero eta gehiago erabiltzeko.
“Euskaraldiaren loraldia Lasarte-Orian” izena jarritako ekimen berritzaile honen helburua da herritar guztien etxeetara joatea eta zuzenean:
- Euskaraldia zer den azaltzea.
- Euskara ulertzen dutenei bereziki belarriprest izatera animatzea.
- Eta guztiei, euskara ulertzen dutenei eta ez dutenei, denei, koloretako puntu bat balkoian jartzea Euskaraldia bukatuko den egunera arte, hau da, abenduaren 3ra arte.
Bisita horiek herriko etxe guztietara azaroaren 10ean egingo ditugu, goizeko 10:00ak eta 13:30ak bitartean, eta aste horretan bertan jarriko da portal bakoitzean dagokion bandoa, herritar guztiak jakinaren gainean egon daitezen.
Alkateak adierazi du pentsatzen duela Lasarte-Oriari kolorea emango diola eta herrian jaio zen eta Euskal Herri guztira zabaldu den dinamika polit honek herritar guztien babesa izango duela
Elkarteetan eta elkarteekin
Antxordoki jaunak gehitu zuen orain bi urteko Euskararen 9. Maratoiaren arrakasta, neurri handi batean, denon artean egin izana izan zela eta orain ere horregatik egin nahi dela guztion artean. Alderdi politiko guztien artean, baina baita ere herriko elkarte guztion artean.
Bisitak, horretarako prestatu diren 200 bisitari boluntariorekin egingo dira. Antxordokik adierazi zuen norbait prest balego ekimenean bisitari modura parte hartzeko, Euskara-zerbitzura deitzea besterik ez duela egin behar.
Gogorarazi zuen Antxordokik jadanik 1.300dik gora lasarte-oriatarrek eman dutela izena ahobizi edo belarriprest izateko, baina gehiagok izena ematea nahi dutela, izan ere, herrian zenbat eta ahobizi eta belarriprest gehiago izan, guztion arteko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ohitura gehiago handituko da.
Horretarako, bertan bildu ziren herriko elkarte eta erakundeetako ordezkariei eskerrak eman zizkien eta animatu zituen elkarteetako partaideak motibatzera, puntua elkartean ere jartzera eta bakoitzak bere elkartean ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien lortzera.
Nahi duenak izena on-line (http://lasarte-oria.euskaraldia.eus/) edo paperean eman dezake eta herrian daude 25 puntuetako batean utz dezake betetako diptikoa: Adats ileapaindegia, Ana gizon ileapaindegia, Artizar Tiburtzio taberna, Berasategi kafeak, Carretero liburudenda, De Miguel farmazia, EPA, Eztiphoto argazki-denda, Jalgi, Josema burdindegia, Labe-Goxo okindegia, Landaberri ikastetxea, Larrañaga harategia, Maite Erkizia ileapaindegia, Maya lentzeria, Muntteri-AEK euskaltegia, Orbela belardenda, Oriarte ikastetxea, Ormazabal loradenda, Orue farmazia, Pikabea aseguruak, Sasoeta ikastetxea, Ttakun, Udal euskaltegia, Udaletxea, Urbiztondo farmazia, Uztarri Kooperatiba eta Zabaletako Auzoko-denda.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala