partekatu
• TTAKUNEREKIKO HITZARMENA
Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak 2024-25 ikasturterako lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute
Hitzarmenak zazpi programa gauzatzea jasotzen du, eta horretarako, Ttakun Kultur Elkarteak 210.389 €-ko dirulaguntza jasoko du.

Lasarte-Oriako alkateak, Agustín Valdiviak, eta Euskara zinegotziak, Estitxu Alkortak, gaur aurkeztu dute komunikabideen aurrean Ttakun Kultur Elkartearekin 2024-2025 ikasturterako sinatutako lankidetza-hitzarmena. Ttakunen izenean, Mari Karmen Ormazabal izan da aurkezpenean.
Hitzarmenaren helburua da udalerriko bizilagun-komunitateak dituen premiak edo interesak asetzen lagunduko duten interes publikoko jarduerak sustatzea eta babestea, eta bereziki, herritarrek euskara gehiago erabiltzeko aukerak gehitzea eta horretarako jarrerak lantzea. Hitzarmenean jasotako zazpi programa gauzatzeko, Ttakun Kultur Elkarteak 210.389 €-ko dirulaguntza jasoko du.
Aurkezpenean, Agustín Valdivia alkateak hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du, euskararen sustapenean laguntzeko Lasarte-Orian: "Akordio honek gure konpromisoa indartzen du euskara Lasarte-Oriako eguneroko bizitzan normalizatzeko. Programa hauen bidez, euskara hainbat eremutan egotea errazten dugu, espazio eta aukera gehiago eskainiz haren erabilerarako".
Bestalde, Euskara zinegotziak, Estitxu Alkortak, Udalaren eta Ttakun Kultur Elkartearen arteko lankidetzaren balioa nabarmendu du: "Elkarlan honi esker, herritarren hainbat sektorera iritsi gaitezke, haurtzarotik helduarora arte, eta euskararen erabilera sustatu dezakegu aisialdian, kulturan eta hezkuntzan".
Programak
Hitzarmena zazpi programatan banatzen da, eta horiek Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean bideratuko dituzte:
Gazte eta Amaraun kluba
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrei aisialdiko jarduera erakargarriak eskainiko zaizkie, euskaraz aritzeko ohitura indartzeko helburuarekin.
Kuadrillategi
Bigarren Hezkuntzako gazteei (12-18 urte) kuadrillako aisialdiko jarduera erakargarriak eskainiko zaizkie, euskaraz ingurune informalean aritzeko ohitura indartzeko helburuarekin.
Gurasoleku
Haur Hezkuntzako haur eta gurasoentzako ekintzak eta gurasoen arteko mintzapraktika saioak antolatuko dira, familiaren bidez euskara gehiago transmititzeko helburuarekin, udalerriko Gurasoleku programa koordinatuz.
Solaskide solasbide
Euskaraz hitz egiteko erraztasun edota ohiturarik ez duten herritarrak eta ezaugarri horiek dituztenak elkartu, eta ikasturtean zehar mintzapraktika saioak antolatuko dira.
Euskara eta kultura eskutik
Euskaraz izango diren kultur jarduera iraunkor eta espezifikoak sustatu eta antolatuko dira.
Txintxarri aldizkaria
Herriko eguneroko berriak euskaraz eskaintzeko astekari inprimatua eta eguneroko digitala argitaratuko dira.
Euskaraldia
2024-25 hitzarmenaren berrikuntza nagusia Euskaraldiaren IV. edizioaren antolaketa izango da. Aurtengo edizioa maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da eta aurretik antolaketa lanak izango ditu.
Lankidetza-hitzarmen hau hizkuntza gutxitua den euskara berreskuratzeko lankidetza publiko-sozialaren adibide bat da. Hitzarmen honen bidez, Lasarte-Oriako Udala eta Ttakun Kultur Elkartea elkarrekin ari dira lanean udalerria euskalduntzeko, lan-ildo nagusiak eta programa zehatzak adostuz eta gauzatuz.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala